lunes, 12 de noviembre de 2012

KAKUROAK

Kakuroen bidez ere, karratu magiko eta zenbakien piramideekin bezala, kalkulua landu dezakegu modu ludiko batean. Gainera, arrazonamendu logikoa erabiltzen ere trebatuko gara.

Kakuroetan, gehienetan, batuketak erabiltzen dira. Baina, badira biderketak erabiltzen dituztenak ere.

Hauek dira kakuro bat osatzeko bete beharreko arauak:
  • Kakuroak osatzeko 1etik 9rako zenbakiak erabiltzen dira soilik.
  • Karratu beltzetan dauden zifrek baturak adierazten dituzte: 
    • Diagonalaren azpiko zenbakia, bere azpiko zutabe zuriko zenbakien batura da.
    • Diagonalaren gaineko zenbakia, bere eskubiko ilara zuriko zenbakien batura da.
  • Batura bakoitzean ezin dira zenbakiak errepikatu. Hau da, bi gelaxka baldin baditut, eta batura 4 bada, ezin dut 2 eta 2 jarri gelaxketan, 1 eta 3 jarri beharko nituzke.


Hementxe dituzu kakuroak inprimatzeko orri bat. Bertan batuketa eta biderketa erabiltzen dituzten kakuroak dituzu:


Kakuroak on-line egiteko web orri bat baino gehiago dago:


Bideo tutorialak ere, bat baino gehiago topatu ditzakezu. Hona hemen bat:

 


KARRATU MAGIKOAK



Begira iezaiozu aurreko karratuari, eta saia zaitez lerro, zutabe eta diagonal bakoitzeko zenbakien batura egiten. Konturatuko zinen, guztietan 15 eman dizula. Hau karratu magiko baten adibide bat besterik ez da.


Karratu magikoek honako baldintzak bete behar dituzte: 

  • Karratuan agertzen diren gelaxken kopuruak eta bertan jarri behar ditugun zenbakien kopuruak berdina izan behar du. Adibidez, 3x3-ko karratuetan 9 zenbaki ezberdin beharko ditugu.

  • Zenbaki horiek karratuan kokatzerakoan, lerro, zutabe eta diagonal nagusien baturak zenbaki berbera eman behar duela kontuan hartu behar dugu. 

 

Karratu magikoen ordena: ordenak lerro edo zutabe bakoitzak duen gelaxka-kopurua adierazten du. Horrela, 4. ordenako karratu magikoak 16 gelaxka (4 x 4) izango ditu. Eta 9. ordenako batek 81 gelaxka (9 x 9).



Aurreko karratu magikoa Bartzelonako Sagrada Familiaren Pasioaren Fatxadan aurki dezakegu. 4. ordenako karratu magikoa da, eta kalkuluak eginez gero, konturatuko zara 33 dela batura magikoa.


Hementxe dituzu 30 karratu magiko ezberdin ebazteko, laguntza eta guzti:



Hurrengo bideoan, berriz, karratu magikoen erabilpen didaktikoari buruz hitz egiten dute

  

ZENBAKIEN PIRAMIDEAK

Zenbakien piramideak aritmetika modu jostagarrian lantzeko baliagarriak izan daitezke. Hasieran batean, batuketak eta kenketak lantzeko erabiltzen dira batez ere, baina beste eragiketekin ere eraiki daitezke.


Zenbakien piramide bat honako hau da:
  • Oinarrian zenbaki batzuk kokatu behar ditugu.
  • Hurrengo ilarak sortzeko, beheko ilarako ondoz ondoko bi zenbakien arteko batura (edo beste eragiketaren bat) egin behar dugu, eta bi zenbaki horien gainean kokatu.
  • Horrela, piramidearen erpinera iritsi arte.

Hementxe duzu osatu gabeko piramide bat, soilik oinarriko zenbakiak dituena:


Batuketak eginez, beste ilarak osatuko ditugu:


Batuketak eta kenketak lantzeko oso baliagarriak dira, normalki, oinarriko zenbakiak eman ordez, tartekoak ematen baitira:

 Gustukoak baldin badituzu, hementxe dituzu horrelakoak inprimatzeko orri bat: 

 

Web orri honetan, berriz, on-line egin ditzakezu (ondo irakurri, guztietan ez baititu batuketak egiten):


Bideo honetan ikasle batek web orri horretako piramide bat nola ebazten duen ikus dezakezu:

 

viernes, 9 de noviembre de 2012

AURKEZPENA

Kaixo eta ongi etorri blog berri honetara. Bertan jolastuz matematika lantzeko zenbait baliabide aurkituko dituzu.




Ondo pasa!!